Baxi Manresaren aurkako partidaren atarikoan, gure entrenatzaileak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Miribillako prentsa aretoan.

Murtzian lortutako garaipena oso garrantzitsua izan zen, baina Mumbruk argi du orain taldeak larunbateko partidan pentsatu behar duela: “Ez dugu denborarik ospakizunetarako eta ezin gara orain gelditu. Pozik gaude igandean lortutako garaipenarengatik, baina jarraitu beharra dago. Jardunaldi bakoitzean garaipen bat pilatzeko aukera dugu eta larunbatean partida garrantzitsua jokatuko dugu”.

Manresako joko-antolatzailea Dani Perez lesionatu egin zen orain dela aste batzuk, baina gure entrenatzaileak dio ondo indartu dutela taldea: “Egia da Dani Perez galdu dutela lesioagatik eta euren asistentzien motorra zela. Baina hala ere ondo indartu dute taldea, Frankie Ferrari fitxatu dute. Jokalari desberdina da, saskiratzailea. Oso talde ona dute”.

Beltzezko gizonek gure taldean jokatu zuten bi jokalari izango dituzte aurkaritzat larunbatean: “Rafa Martinezek asko ematen die, eskarmentu handiko jokalaria da, ondo ezagutzen dugu. Jonathan Tabuk orain gehiago jokatzen du Perezen lesioa dela eta. Gertutik jarraitu beharko ditugu, baina azken finean Manresaren indargune nagusia eurek duten talde izaera da. Oso talde ona dute eta entrenatzaile bikaina”.

Hain zuzen ere, Pedro Martinezen taldeak bizi duen momentuari buruz Mumbruk dio Manresa sailkapenean ondo kokatuta egotea ez dela kasualitatea: “Playoff postuetan sartzeko borrokatzen ari dira, ez da kasualitatea. Momentu onean daude. Gustatuko litzaiguke jardunaldi bakoitzean noren aurka jokatu erabakitzea eta egoera okerragoan dauden taldeen aurka jokatzea, baina egutegia datorren bezala dator. Badakigu nor izango dugun aurrean larunbatean”.

Beltzezko gizonen kasuan, 13 jokalari erabilgarri ditu Mumbruk. Beraz, azken asteetan bezala jokalari batek kanpoan gelditu beharko du eta berak uste du horrek motibazio puntu bat eman behar diela bere jokalariei: “Batek kanpoan gelditu behar du. Deialdian 12 onenak sartzen ahalegintzen naiz, nire iritziz partida horretarako ondoen daudenak. Kanpoan gelditzen den jokalari horrek hurrengo entrenamenduetan erakutsi behar du gai dela hurrengo partidako deialdian sartzeko merituak egiteko. Nire jokalarien jarrerarekin oso pozik nago”.