Baxi Manresaren aurkako partidaren atarikoan, Regimantas Miniotasek prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Miribillako prensa aretoan.

Igandean UCAM Murtziaren aurka lortutakoa garaipen garrantzitsua izan zela dio hegal pibot lituaniarrak: “Partida gogorra izan zen, baina geure jokoa egiten ahalegindu ginen. Garaipen garrantzitsua izan zen guretzat eta momentua disfrutatu genuen”.

Hori bai, Miniotasek argi du orain Manresaren aurka jokatuko dugun larunbateko partidan izan behar dugula burua: “Igandekoa oso partida ona izan zen eta disfrutatu genuen, baina orain jada larunbatean Manresaren aurka jokatu behar dugun partidan zentratuta gaude. Gainera, oso talde ona da Manresa eta maila altuko saskibaloia jokatzen ari da aurten. Partida zaila izango da”.

Gelditzen diren partidei buruz eta Endesa Ligan taldeek duten mailari buruz, hegal pibotak argi du partida bakoitza maila altuko taldeen aurka jokatzen dela: “Ez dago partida errazik. Talde guztiek maila altua dute eta edonork egin diezazuke min. Maila altua dago ligan. Partida bakoitza da garrantzitsua, Murtziaren aurkakoa hala izan zen eta hala izango da asteburu honetakoa”.

Miniotasen lehenengo denboraldia da Bilbon. Gustura dago taldean eta baita hirian: “Egon naizen lekurik onena da Bilbo. Asko gustatzen zait hiria, baita taldea eta staffa. Esan didate Miribillako marea beltzak taldea asko bultzatzen duela, baina zoritxarrez ezin izan dut bizi giro hori. Ea datorren denboraldia desberdina izaten den eta jendea kantxetara sartu daitekeen”.