Valentzia Basket 99–90 RETAbet Bilbao Basket

RETAbet Bilbao Basketek ez du garaipena eskuratu Fontetan Valentzia Basketen aurka Endesa Ligako 33. jardunaldian ondo borrokatutako partidan. Jokalaririk onena Bojan Dubljevic izan zen 18 puntu eta 31ko balorazioarekin. Beltzezko gizonen artean John Jenkins izan zen onena 17 puntu eta 23ko balorazioarekin.

Lehenengo minutuetan bi aldeetan izan ziren saskiratzeak. Brownek egin zuen partidako lehenengoa eta Tobeyk berdindu zuen. Zyskowski izan zen lehen laurdeneko protagonista Nagusia 12 punturekin, lehenengo 5:30an beltzezko gizonak 10-19 aurretik jarriz. Etxekoek ez zuten lortu partidako erritmora egokitzea eta bilbotarrek agindu zuten. Kulbokak biko saskiratzearekin 14-26 ipini zuen markagailua 2:44en faltan. Dubljevicen saskiratzeekin Valentzia ahalegindu zen baina Jenkinsen hirukoak eta Dos Anjosen bikoak 16 puntuko abantaila eman zien beltzezko gizonei laurdenaren amaieran (17-33).

Balvinek egin zuen bigarren laurdeneko lehenengoa eta Athinaiouen hirukoarekin 21 puntuko abantaila lortu zuten bilbotarrek. 6-0eko partzialarekin erantzun zuen Valentziak, baina Kulbokak partzial hori moztu zuen biko batekin. Hala ere Valentziarrak geroz eta erosoago zeuden. Hermannssonek 10 puntura gerturatu zituen 2:43ren faltan (32-42) eta Van Rossomek 8ra jarri zituen. Kulbokaren hirukoarekin erantzun zuten bilbotarrek, baina Tobeyk ere beste hiruko bat egin zuen. Brownen eta Zyskowskiren hirukoek oxigenoa eman zien Bilbao Basketi eta atsedenaldira 42-51 iritsi ginen.

Hirugarren laurdenean Valentzia Basket markagailuan gerturatuz joan zen, euren piboten saskiratzeei esker. Derrick Williamsek 50-54koa jarri zuen laurdenaren amaierareko 7:31ren faltan, baina Brownek biko batekin erantzun zuen. Dubljevicek bi puntura gerturatu zituen valentziarrak eta Kalinicek lehen aldiz aurretik jarri zituen (61-59) 4:14en faltan. Bilbotarrek Jenkinsen hiruko bati eta Zyskowskiren 2+1ari esker eutsi zioten baina partida oso estu zegoen. Azken laurdenera berdinketarekin iritsi ginen (72-72).

Jenkinsek aurretik jarri gintuen hiruko batekin azken laurdenaren hasieran, baina Labeyriek 2+1ekoarekin erantzun zuen. Prepelic izan zen azken laurdeneko jokalaririk onena eta partidan mantendu zuen Valentzia. Håkansonek partida berdindu zuen (83-83) amaierarako 5 minuturen faltan, baina Prepelicek 9 puntu jarraian sartu zituen Valentziarentzat 7 puntuko abantaila lortu arte (92-85), 2:58-ren faltan. Beltzezko gizonak ahalegindu ziren azken minutuetan baina ezer gutxi egin ahal izan zuten valentziarren erreakzioaren aurrean. Etxeko taldeak 12 puntuko abantaila ere izan zuen baina azkenean 9 punturen aldearekin lortu zuen garaipena, Kulbokaren azken hirukoaren ondoren (99-90).

 

Valentzia Basket 99: Hasierako bostekoa: Van Rossom (11), Sastre (0), Kalinic (13), Williams (10), Tobey (9) – Vives (2), Hermannsson (8), Prepelic (22), San Emeterio (0), Labeyrie (6), Pradilla (-), Dubljevic (18).

RETAbet Bilbao Basket 90: Hasierako bostekoa: Håkanson (5), Brown (12), Zyskowski (19), Kulboka (20), Balvin (8) – Athinaiou (5), Kljajic (0), Jenkins (17), Serron (2), Alex Reyes (0), Dos Anjos (2), Huskic (0).