RETAbet Bilbao Basketek Baxi Manresa izango du arerio larunbat honetan arratsaldeko 18:00etan Miribillan Endesa Ligako 29. jardunaldiko partidan. Alex Mumbruren taldeak beste garaipen bat nahi du joan den igandean Murtzian irabazi ondoren bolada onean jarraitzeko.

Beltzezko gizonek beste garaipen bat eskuratzeko aukera dute

Alex Mumbruren gizonek ilusioz eta motibazio handiarekin egingo diote aurre larunbat honetako neurketari, partida on bat jokatzeko eta beste garaipen bat pilatzeko helburuarekin. Joan den igandean Murtzian irabaztetik dator taldea eta larunbat honetan Baxi Manresaren aurka ondo lehiatu eta berriro ere garaipena lortu nahi du. Gure entrenatzaileak jokalari guztiak erabilgarri ditu lesionatuta dagoen Tomeu Rigo izan ezik, beraz, beste astebetez, Alex Mumbruk jokalari bat kanpoan utzi beharko du 12 jokalariko deialdia osatzeko. Jokalariek badakite partida zaila izango dela eta taldeak ondo jokatu beharko duela 40 minutuetan garaipenarengatik borrokatu ahal izateko.

Baxi Manresa, bere entrenatzailearen kutsua duen taldea

Pedro Martinezek zuzentzen duen taldea ligako sailkapeneko hamargarren postuan dago, 12 garaipenekin eta 15 porrotekin. Azken bi partidak galtzetik datoz, baina bi partida horien testuingurua kontuan hartu behar da. Azken partidan, joan den larunbatean, Real Madrilen aurka puntu bakar batengatik galdu zuten (76-77) eta duela bi aste MoraBanc Andorraren kantxan luzapenean (82-76). Lehen itzuliko partidan 94-78 nagusitu ziren Nou Congosten. Manresa oso talde lehiakorra da eta oso ondo jokatzen du, bere entrenatzailea den Pedro Martinezen kutsuarekin. Scott Eatherton pibota (14,6ko balorazioa) eta azken fitxaketa izan den Frankie Ferrari (10eko balorazioa) dira euren denboraldiko bi jokalari onenetakoak, baita lesionatuta dagoen Dani Perez (9,1eko balorazioa) edota Guillem Jou harrobiko jokalaria ere (9,6ko balorazioa). Azken urteetan Bilbao Basketen jokatu duten bi jokalari ere badituzte: Rafa Martinez eta Jonathan Tabu.

Regimantas Miniotasen adierazpenak

“Joan den igandekoa partida ona izan zen baina orain Manresaren aurkakoan pentsatu behar dugu. Oso talde ona da eta partida zaila izango da. Ez dago partida errazik Endesa Ligan, maila handiko taldeak ikusi ditut hemen. Partida bakoitza da garrantzitsua eta larunbat honetakoa ere hala da. Gure jokoa egiten eta kantxan nagusitzen ahalegindu behar dugu”.

Alex Mumbruren adierazpenak

“Murtzian lortu genuen garaipenarekin pozik gaude, baina jarraitu beharra dago. Larunbatekoa partida garrantzitsua da. Manresak Dani Perez galdu du lesionatu egin delako, eta euren asistentzien motorra zen, baina Frankie Ferrarirekin ondo indartu dute taldea. Oso talde ona da eta talde lana nagusitzen da bertan. Gainera oso entrenatzaile ona du. Playoff postuetan egoteko borrokan daude, eta hori ez da kasualitatea. Gustatuko litzaiguke jardunaldi bakoitzean gure arerioa aukeratzea eta egoera txarrean dauden taldeen aurka jokatzea, baina egutegia datorren bezala dator. Badakigu nor izango dugun aurrean larunbatean”.