es  |  eus  |  en
diputacion
reta
eurocup
liga endesa
0000-00-00
Denboraldia 2004-2005

Lorpenen eta sarien urtea

 

2004-05 denboraldia kapitulu garrantzitsua izan zen Bilbao Basketen historian. Irailean, lehiaketari ekin aurretik, klubeko estamentu guztiek helburutzat hartu zuten kategorian irautea, proiektu itxaropentsu hau munduko bigarren ligarik onenean finkatu zedin. Lortu egin zuten. Gorrixkek ACB ligan debutatu zuten eta ez ziren ia jaitsiera-postuetan egon denboraldi osoan; aitzitik, Erregearen Kopa jokatzeko plaza bat eskuratzeko zorian egon ziren. Arrakasta itzela litzateke talde hasi berri batentzat. Finean, orduan Lagun Aro Bilbao Basket zena denboraldiko sorpresarik atseginenetako bat izan zen, baita Bizkaitik kanpoko aditu askoren ustez ere. “Talde honek aire freskoa ekarri du ACBra” esan zuen Bozidar Maljkovicek, Real Madridek gorriak eta bi ikusi zituenean La Casillan garaipena lortzeko. Saskibaloiaren jakintsu handi batek esan zuenez, zerbaitengatik izango zen nonbait.

 

Euskal talderik onenaren saria

 

Jokalekuan emaitza bikainak izateaz gain, denboraldi honetan, askok arrakastatsutzat jo zutena, sari piloa jaso genituen, azken lau urteetan ondo egindako lanagatik. Lau urte horietan, izan ere, Bilbao Basket Leb 2n borrokatzetik ACBn sartzera igaro zen. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Kirol Prentsako Elkarteak, Vocentok, Deiak eta Eusko Jaurlaritzak klubaren lana, ibilbidea eta estatuko lehiaketa gorenera igotzea saritu zituzten. Txus Vidorretari ere zenbait sari eman zizkioten gorrixkak gidatuz egin zuen lan eskergagatik Onda Cerok, Bizkaiko Kirol Prentsaren Elkarteak eta El Correok. Sari horiek guztiak denboraldian zehar banatu ziren eta harrotasun handia eman zioten taldeari, beraren historiarentzat erabat aberasgarriak izan zirelako. Horregatik, Bilbao Basketek zinez eskertu ditu sariok.

 

ACBn jardutearen ametsa ez zen bakarrik Leóngo garaipen historiko harekin lortu. Une berean bigarren partida bat jokatzen hasi ginen berehala, munduko bigarren ligarik onenean sartu ahal izateko. Bigarren norgehiagoka hau zuzendaritza batzordeak jokatu behar zuen, erakundeen artean laguntzak eta babesleak lortzeko lan eginez, ACBn jokatu ahal izateko ordaindu behar den kanona ordaindu ahal izateko. Real Madrid, Barça, Pamesa, Tau, Estudiantes eta antzeko taldeen aurka jokatzea ez baita dohainik. Zuzendaritza batzordeak bere lana egin zuen eta epeak bete zituen. Lagun Aro aseguru-etxearekin akordioa lortu zuten babesle nagusia izan zedin. Horrela, talde gorrixka Lagun Aro Bilbao Basket izenarekin hasi zen ACBn jokatzen. Pilota teknikarien eskuetan zegoen berriro ere. Haien lehenbiziko lana Bilbao Basket kategoria honetan finkatzea ahalbideratzen zuten bermeak lortzea izan zen. Aurreko denboralditik zetozen jokalariekin batera (Salgado, Lucho, Úriz eta Maluenda), kategoria honetan ospetsuak ziren beste batzuk iritsi ziren (Scott, Sanmartín eta Weis). Beste batzuek beren potentziala erakusteko nahian zebiltzan, ACBn estreinako aldiz jokatzen zutelako (Savovic) edo beren aurreko taldeetan minutu gutxi jokatu zituztelako (Gabriel eta Núñez).

 

Lagun Aro Bilbao Basketen ACBko estreinako partida porrot ikusgarria izan zen, La Casillan, TAU Cerámica indartsuaren aurka: 104-57. Denak du bere alderdi positiboa. Esperientzia honi esker, guztiak (kluba, taldea, zaletuak eta komunikabideak) konturatu ziren munduko bigarren ligarik onenean jokatzea ez zela hutsaren hurrengoa, eta sekulako ahalegina egin beharko zutela bertan irauteko. Ivanovicen taldeak (gerora Euroligara finalera iritsi zena) eman zigun jipoiaren ondorioz, batzuek pentsatu zuten Bilboko taldea ez zela luzaroan egongo ACB ligan. Baina Vidorretaren mutilen erantzuna, hiru egun beranduago, garaipena lortzea izan zen, Badalonako Joventuten kantxa historikoan gainera. Partida hartan talde gorrixkak guzti-guztiak zur eta lur utzi zituen, eta hala jarraituko zuen lehenengo bira osoan. Kategoriako lehenbiziko garaipena lortu zuten, eta La Casillan irabaztea zen bete beharreko lana orain. Bosgarren jardunaldira arte itxaron behar izan zuten. Adecco Estudiantes historikoaren aurka izan zen (86-84). Partida horrek amaiera sinesgaitza izan zuen. Bilbotarrek 16 hirukoitz lortu zituzten, ACBn ia-ia errekorra den kopuru bat (17 zen).

 

 

 

Lehiaketako lehenengo bi hilabeteetan sailkapeneko azken postuetatik irtetea kostatu zitzaion Vidorretaren taldeari. Aitzitik, beste talde garrantzitsu bati, Pamesa Valencia, haren kantxan irabazi ondoren (97-99) gauzak aldatzen hasi ziren. Hortik aurrera, Bodiroga eta enparauen Barçari Palaun hortzak erakutsi ondoren, abenduan dena irabazi zuten gorrixkek beren zuzeneko aurkarien aurka: Plus Pujol Lleida, Ricoh Manresa, Fórum eta Unelco Tenerife. Sei partidatan bost garaipen lortu zituzten, eta horregatik, Lagun Aro Bilbao Basketek Erregearen Kopan sartzeko aukera lortu zuen lehen biraren azken bi jardunaldietan. Baina abentura hori ez zen batere erraza, Vistalegren Real Madriden aurka jokatu behar zutelako, eta Gran Canariaren aurka ere bai, lehiaketaren lehen erdian itzel jokatzen ari zena. Lehenengo bi partidak galdu zituzten bilbotarrek. Urtarrilean eta otsailean zazpi porrot izan zituzten segidan eta horrek une zailak ekarri zituen; gauzak aldatu ziren. 2005eko lehenbiziko garaipena ez zen iristen baina, egia esan, bilbotarrek gehiago merezi izan zuten Estudiantes, DKV Joventut eta Tau-ren aurka. Gorrixkak berriro martxan jarri ziren eta bolada txarra denborarekin amaitu zen. Hala ulertu zuen zuzendaritza batzordeak, emaitza onik gabeko sasoi horretan lasai iraun baitzuen. Garai txarra izan zuen arren, taldea ez zen behin ere jaisteko posizioetan sartu; horrek erakusten du taldeak zein ederki jardun zuen lehenengo biran.

 

Martxoan berriro ere zuzeneko aurkarien aurka aritu ziren, eta emaitza onak lortu zituzten. Gorrixkek Granadari irabazi zioten (85-66), Sevillan Caja San Fernandoren aurka puntu bakar bateko aldearekin galdu zuten (95-94), etxean Gironari irabazi zioten (78-56) eta, kategorian irauteko behin betiko urratsetako bat izan zena lortu zuten: txapelketako errebelazio handiari, Etosari, irabazi zioten Alicanten (69-79). Helburua lortuta zegoela ematen zuen, baina ez zegoen ziurtatuta. Azkenaurreko jardunaldira arte, Teneriferen aurka, ez zen lortu. Partidak berebiziko garrantzia zuen, dena jokatzen ari zen talde baten aurka ari baikinen. Vidorretaren mutilek ez zuten huts egin. Unelcori ez zioten aukera bat ere eman (67-77). Helburua bete zuten eta berriro ere ospatu beharra zegoen.

 

 

 

Fórumaren aurkako azken partida jai bat bihurtu zen. Teknikariek eta jokalariek La Casillako zaletuei denboraldi osoan emandako babesa eskertu nahi izan zieten. Ezin izan zioten Manel Comasen taldeari irabazi baina horrek ez zuen ospakizuna lausotu; izan ere, beste denboraldi batez, hasieratik ezarritako helburua lortu zuten: taldeak ACBn irautea. Jokalari gorrixkek berriro ere beren lana bete zuten. Zuzendaritza batzordearen eta Bizkaiko saskibaloizale guztien txanda zen: zaletuek beren lana bete zuten, La Casillan jokatu ziren partidarik gehienetan sarrerak agortu baitziren. Kluba kirol sozietate anonimo bihurtu zen hazten jarraitzeko eta Bilbao Basketen historia arrakastatsua handiagoa egiteko. Denek erantzun zuten, akzioak erosiz: sozietatearen gutxieneko kapitalera sobera iritsi zen.

 

Denboraldi honetan, Lagun Aro Bilbao Basketen elastikoa ondoko jokalari hauek jantzi zuten, Txus Vidorreta entrenatzailearen, Rafa Pueyo laguntzailearen eta Eneko Izkara ordezkariaren gidaritzapean: Javi Salgado, Ricardo Úriz, Diego Ciorciari, José Luis Maluenda, Pedja Savovic, César Sanmartín, Lucho Fernández, Richard Scott, Fred Weis, Germán Gabriel, Pedro Fernández, Damon Johnson, Scott Burrell, Roberto Núñez, Andrea Camata eta Brian Howardek.

Pribazitate politika | Legezko oharra | Kontaktua | Bilbao Basket

Powered by

lakolmena

denocheydia

byv apps

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +