es  |  eus  |  en
diputacion
reta
eurocup
liga endesa
0000-00-00
Denboraldia 2003-2004

Gorenera igotzeko denboraldia

 

Aurreko denboraldian lehiaketako ustekabea eman ondoren, Bilbao Basket errealitate bihurtu behar zen, bere ibilbide bikaina berretsiz. Horretarako, klubak anbizio handiko apustua egin zuen Txus Vidorretarekin eta itzal handiko jokalariak kontratatu zituen: Venson Hamilton, Jorge García eta José Luis Maluenda besteak beste. Emaitzak laster ikusi genituen; berriro ere gorrixkek modu ikusgarrian ekin zioten kanpainari, sei partida segidan irabaziz. Urriaren 24ra arte behin ere galdu gabe iraun zuten, CAI Zaragozak 98-89 irabazi zienean. Bisitari gisa bolada txarra hasi zuten, baina La Casillan erakusten zuten kemenari esker (etxean Granadak soilik irabazi zien denboraldi osoan), sailkapeneko ohorezko postuetan egon ziren lehenengo bira osoan. Bira hau 11-6 partzialarekin amaitu zuten; hirugarren geratu ziren, Plasenciaren atzetik (itzel jokatu zuena), CAIren atzetik eta La Palmaren aurretik. Hain zuzen ere, lau talde horiek joan ziren Príncipe Felipe Pabilioira kopa jokatzera, 2004ko urtarrilaren 31tik otsailaren 1era.

           

Beste behin ere, bilbotarrek anfitrioien aurka jokatu zuten finalerdietan eta 98-92 galdu zuten Alfred Julberen mutilen aurka. Partida ikusgarria izan zen, 9.000 pertsonaren aurrean jokatu zutena. Luzapen lazgarri bat jokatu behar izan zuen emaitza erabakitzeko. CAIk finala Plasenciaren aurka jokatu zuen (Plasenciak finalerdietan La Palmari irabazi zion, 106-86). Kopa, azkenean, ez zen Zaragozatik irten, Julberen gizonek 89-82 irabazi baitzieten Extremadurakoei.

 

Berriro ere Ligan kontzentratzeko unea zen beraz. Lehenengo biran amaitu zuen moduan jarraitu zuen taldeak: Bilbotik kanpo emaitza txarrak izan genituen baina La Casillan behin ere galdu gabe. Horregatik, azken egunera arte ez zen erabaki nor zen liga arrunteko irabazlea. Plasencia eta Granada garaipena lortzeko zorian zeuden, eta Bilbon erabaki behar zen: azken partida erabakigarrian Extremadurako taldeak eta Vidorretaren taldeak jardun zuten elkarren aurka.

Entrenamendu bikaina izan zen play offetan etorri behar zenari aurre egiteko. Gorrixkek ez zuten huts egin eta garaipen argia lortu zuten: 88-52. Horrela, play off osoan zehar kantxa-faktorea alde izango zuten, 22 garaipen izan baitzituzten eta 12 porrot. Jendea amets handiak izaten hasi zen. Final-laurdenetan Ciudad de Huelvaren aurka jokatu zuten (‘gordo’ Williams, Sergio Sánchez, Rogelio Legasa, …). Kanporaketa hau bosgarren partidan erabaki zen eta kantxa-faktorea erabakigarria izan zen, La Casillako ikusleak buru-belarri aritu baitziren animatzen:

2004-04-23: Bilbao Basket-Ciudad de Huelva: 86-79

2004-04-25: Bilbao Basket-Ciudad de Huelva: 79-71

2004-04-30: Ciudad de Huelva-Bilbao Basket: 92-57

2004-05-02: Ciudad de Huelva-Bilbao Basket: 77-71

2004-05-07: Bilbao Basket-Ciudad de Huelva: 91-85

 

Kanporaketa agoniko horren ondoren, Vidorretaren taldeak León Caja Españaren aurka jokatu zuen, aurreko errondan Coinga Menorcari 3-2 ere irabazi ziona. Talde honetan Ugonna Onyekwe, Warren Davis, Iker Urreizti eta Julio González nabarmentzen ziren. Finalerdien joera La Casillan jokatu zen lehenengo partidak baldintzatu zuen. Ángel Jareñoren jokalariek egun hartan abantaila handia lortu zuten lehenengo zatian baina gorrixkek partidari buelta eman zioten, zaletu gogotsuen txaloei esker; horrek lur jota utzi zituen leondarrak eta agian horren eragina pairatu zuen bigarren partidan. Leónen, Jareñoren taldeak bere plazan jokatzen zuela baliatu nahi izan zuen kanporaketa salbatzeko, baina Bilbao Basketek ez zien aukerarik eman. Vidorretaren gizonek, Leóneraino joan ziren bilbotar jarraitzaile mordoxka batek animaturik, igoera ahalik eta lasterren lortu nahi zuten eta nabarmen nagusitu zitzaizkien aurkariei lehen minututik berrogeigarrenera arte; leondarrak ez ziren jokoan sartu ere egin. Lortu egin zuten. Bilbao Basket ACBn sartu zen, ate handitik sartu ere, gaur egun historikoa den 2004ko maiatzaren 21ean:

 

2004-05-14: Bilbao Basket-León Caja España: 86-80

2004-05-16: Bilbao Basket-León Caja España: 84-76

2004-05-21: León Caja España-Bilbao Basket: 55-71

Albistea aspalditik espero diren berri horiek bezala iritsi zen Bizkaiko hiriburura, bi urte lehenago ezinezkoa ematen zuen amets bat bezala, bat-batean egiazkoa bihurtu zena. Jokalariek eta teknikariek beren lana egin zuten. Une horretatik aurrera, bulegoetan jokatu behar zen azken partida, munduko bigarren ligarik onenean parte hartzeko gonbidapena eskuratzeko bete behar diren baldintza guztiak betetzea lortzeko. Partida hau 2004ko uda gorabeheratsuan irabazi zen.

 

Halere, taldeak ez zuen bere azken hitza esan lehiaketan. Igoera lortu ondoren, LEB ligaren finala jokatzeke zegoen, ACBn sartzeko aukera zeukan beste talde baten aurka hain zuzen ere: Aaron Mc Ghee, Silas Mills eta Ordínen Granada taldea. Sekulako taldea zen, eta titulua La Casillan jokatu behar zuten, Vidorretaren jokalariek kantxa-faktorea bereganatu zutelako linea arruntean. Sergio Valdeolmillosen taldeak bazekien La Casillan irabaztea zer zen, denboraldi horretan hala egin baitzuten. Beraz, gorrixkak ez ziren fidatu, eta lehenengo zatitik aurrera abantaila garrantzitsua atera zien aurkariei. Ikusleak jai-giroan murgilduta zeuden, beren taldea laster estatuko saskibaloi talderik onenen aurka jokatzen ikusiko zutelakoan, eta taldeak jarrera positibo hori baliatu zuen. Bilbao Basketek txapelketa irabazi zuen, 85-81. Une horretatik aurrera, benetako ospakizuna hasi zen. Sari banaketan su artifizialak egon ziren pabilioiaren barruan. Beste egun historiko bat. Beste bat. ACBra igotzeko balentria egin zuten jokalariak hauek izan ziren: Patrick Saenz de Ugarte, Jorge García, Lucho Fernández, Bryan Sallier, Iker López, Joseba Iglesias, Brian Howard, Venson Hamilton, José Luis Maluenda, Juanma Rodríguez, Ricardo Úriz eta Javi Salgado. Aurreko bi denboraldietan bezala, talde teknikoko kideak Txus Vidorreta, Rafa Pueyo eta Alberto Ibeas izan ziren.

 

Pribazitate politika | Legezko oharra | Kontaktua | Bilbao Basket

Powered by

lakolmena

denocheydia

byv apps

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +