es  |  eus  |  en
diputacion
reta
eurocup
liga endesa
0000-00-00
2001-2002 Denboraldia

Arrakastak heldu dira

 

 “Kategoriaz igotzeko play offetan arituko gara, lantalde hau anbizio horretarako berme sendoa baita. Ikuskizuna eta emaitzak lortuko ditugu, gure plantillak uste osoa daukalako taldearen ahalmenean. Gainera aurrekontu ederra daukagu, klubaren helburuarekin bat datorrena, erakundeen laguntzari esker. Gure beste xedea da mila bazkide izatea eta bi mila ikusle batez bestez La Casillan; horrela, Bizkaiak eta Bilbok maila goreneko talde bat izan dezatela lortuko dugu”. Hitz horiekin, Jon Arrinda lehendakariak 2001-02 kanpainari hasiera eman zion. Diskurtso hau benetan profetikoa suertatu zen, denboraldi horretan Leb-2ko txapeldunak izan ginelako eta, horrenbestez, kategoriaz igo ginelako. Gainera, kopa, Bilbon jokatu zena, geureganatu genuen; klubaren historiako lehenengo arrakasta handia izan zen.

Taldea ia osorik berriztatu zen. Lehenengo fitxajea klubaren historiarentzat berebiziko arrakasta izan zen: zuzendaritzak Txus Vidorreta ekarri zuen La Palma irlatik, bilbotarren aulkian esertzeko. Urte hartan etorri ziren jokalariak zaletuen gogoan egongo dira betirako: Lucho Fernández, Javi Salgado eta Mark Poag adibidez. Beste batzuek, Patrick Sáenz de Ugartek eta Xabi Madinak esaterako, proiektuan jarraitu zuten. Azkenean, eratu zen taldea liga arrunteko txapeldun izan zen: 23 partida irabazi zituen eta zazpi baino ez zituen galdu. Baina kopuru horiek alferrik galduko ziren taldeak bere kirol-ibilbide arrakastatsuari eutsi ezean. Play offetan ondo aritu behar ziren, eta irabazitako kantxa-faktorea aprobetxatu. Hasteko, final-laurdenetan gorrixkek Rayet Guadalajararekin jokatu zuten. Kanporaketa hau azkar erabaki zen:

 

2002-04-28: Basket Bilbao Berri-Rayet Guadalajara: 91-78

2002-04-30: Basket Bilbao Berri-Rayet Guadalajara: 93-83

2002-05-06: Rayet Guadalajara-Basket Bilbao Berri: 64-88

 

Gorrixkak, beren bigarren urtean, zilarrezko dibisiora igotzea jokatzeko zorian zeuden, La Palmaren aurka, Txus Vidorretaren talde ohia. Kanariarrek, liga arruntean laugarren zirenak, bosgarren partida bat jokatu behar izan zuten lehenago final-laurdenetako kanporaketan Aguas de Calpe-ren aurka, eta Bilbora irabazteko asmoz etorri ziren:

 

2002-05-15: Basket Bilbao Berri-La Palma: 87-85

2002-05-17: Basket Bilbao Berri-La Palma: 95-81

2002-05-20: La Palma-Basket Bilbao Berri: 111-103

2002-05-22: La Palma-Basket Bilbao Berri: 72-79

  

Bilbao Basketek ez zuen beharrezkoa izan La Casillan bosgarren partida, behin betikoa, jokatzea, kanporaketa La Palmako Miraflores Pabilioian irabazi baitzuen. Garaipen honi esker, Leb Ligara igo zen taldea, Jon Arrindak aurkezpenaren egunean azaldu zuen lehenbiziko helburua betez. Baina taldea ez zen helburu horrekin konformatu; Leb-2ko titulua bereganatu nahi zuen. Tarragonaren aurka borrokatu ziren titulua lortzeko, txapelketa arruntean aurre-aurrean zihoan beste taldearen aurka alegia.

 

Ligako finala Tarragonaren aurka.

Finalerdi zailetan Redcom Porriño (3-0) eta Gandíari (3-2) irabazi ondoren, igoera etorri zen. Finala bi partidatan jokatu zen (joaneko partida eta itzulerakoa). Hor Vidorretaren mutilek erakutsi zuten onenak zirela eta anbizio handiagoa zutela. Kantxa-faktorea alde zutela, lehenengo partida El Serrallo Udal Pabilioian jokatu zen, Tarragonan (2002-05-25). Han emaitza gorrixken aldekoa izan zen: 87-92 ekarri zuten Bilbora, besteak beste Poagen jardun bikainari esker (25 puntu, 7/9 jaurtiketa hirukoitzetan). Itzulerako partida, La Casillan (2002-05-31), sekulako jaia izan zen. Giroa gero eta gehiago berotu zen Txus Vidorretaren gizonen garaipena argiago ikusten zen heinean. Estu-estu irabazi zuten ordea: 94-91. Bilbao Basket Ligako txapelduna zen; bere bigarren titulua.

 

Eta Madinak kopa altxatu zuen

Lehenengoa hiru hilabete lehenago iritsi zen, aurkari beraren aurrean. Bilbok Leb 2 Koparen bigarren edizioa hartu zuen. Bai ikusleen aldetik bai antolaketaren aldetik arrakasta izan zen, hiri osoak dena eman baitzuen. Hiru mila lagun baino gehiago etorri ziren La Casillara partidak ikustera, bilbotarren joko kementsuak kutsatua. Egoera honetan, Bilbao Basketek bere lana egin zuen. Finalerdietan Calperi 80-66 irabazi ondoren, Tarragonaren aurka jardun zuen, Ravet Guadalajarari 73-68 irabazi ondoren finalera heldu zena. Tarragona 2001eko kopako txapeldun izanik etorri zen Bilbora eta gogor borrokatu zuen Txus Vidorretaren taldearen aurka. Kataluniarrak lehen hiru zatietan aurretik zeuden markagailuan, baina gorrixkek, saskibaloiaren zirrara berriro sentitzen ari ziren bilbotar zaletuen animoekin, 84-74 irabazi zuen azkenean. Xabi Madina taldeko kapitainak txapeldun kopa jaso zuen.

 

Guztira hamabost jokalarik jantzi zuten kasaka gorrixka: Pedro Rodríguez, Rubén Quintana, Alex Iturbe, Iñigo Varona, Xabier Madina, Mark Poag, Tiago Splitter, Joseba Iglesias, Patrick Sánez de Ugarte, Javi Salgado, Lucho Fernández, Francisco Perujo, Jon Gascón, Isma Torres eta José Luis Ortúnek. Guztien artean denboraldi arrakastatsua egin zuten. Ligako txapelketa, igoera eta kopa lortu zituzten, %80ko garaipenekin. Bilbao Basketek guztien errespetua eta begirunea jaso zituen horrela. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ere garaipen hauei erreparatu zieten, eta beren ateak ireki zioten taldeari, balentria hauek lortu zituztenei harrera beroa eginez.

Pribazitate politika | Legezko oharra | Kontaktua | Bilbao Basket

Powered by

lakolmena

denocheydia

byv apps

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +